Olentzero badator

Josu Reparaz Leiza
Lizarra Ikastolako Zuzendaria

Beste urte batez, abenduaren etorrerak gabon ospakizunak ekarriko dizkigu; eta berekin batera gure Olentzero maitearen bisita ere izango dugu.

Pertsonaia mitiko honen jatorria neguko solstizioaren inguruko ospakizun zaharretan kokatzen da. Gizakiak, abstraktua ulertu ahal izateko, bere ikuspuntu konkretua baino ez zuen. Urte zaharra nola hiltzen zen eta berria nola hasten zen ezin froga zezakeen. Besterik gabe, hala gertatzen zela ikusten zuen. Horrela, amaitzear zegoena irudikatzeko helburuarekin, pertsonaia bat sortu zuen: adineko gizona, Olentzero; eta hastear zegoena egun berriak irudikatzen zuen, argi berriak. Kristautasunaren etorrerak sinesmen hauek, desagerrarazi beharrean, kristautu egin zituen; Jesusen jaiotza urte berriaren pertsonifikazio bilakatuz. Orduan Olentzerori esanahi berria gehitu zitzaion: amaitzear dagoen urtearen pertsonifikazio izateaz gain, Jaioberriaren iragarle izatea.

Euskaltzaindiaren kide eta gai antropologikoen erreferente izan zen Jose Maria Satrustegiren ustez Olentzero, etimologikoki, garai zehatz bati erreferentzia egiten dion giroa da. “Oles” euskal tradizioan oso errotua dagoen hitza da. “Olez olez ibili”k gazteek, batez ere neguan, etxez etxe abesten eta eskatzen aritzeko ohiturari egiten dio erreferentzia. Hortaz, olentzero hitzak urteko sasoi honi egiten dio erreferentzia.

Gutxi dira Lizarrako kaleetan Olentzero igarotzen ez zeneko garaiak gogoratzen dituzten gazteak, izan ere, bere lehenengo bisitak 1971ko abenduaren 23ra garamatza, orduan antolatu baitzuen Lizarra Ikastolak lehenengo aldiz.Urte honetan bertan, abenduaren 28an “Gaceta del Norte”n agertutako kronika Juan Satrustegik sinatu zuen eta honela
irakur zitekeen:

“ Arratsalde honetan bertan -lehen aldiz Lizarran- “Olentzero” ospetsua atera da, legendarioa, ikazkina, tripahandia eta edale ona den hau gazte talde batek eraman du hirian zehar. Atzetik, jaiotza bizi bat zeraman idiz tiratako gurdia zioan. Karroza berezi honen irteera, gure tradizioaren jarraitzaile eta jakinmina zuten askoz jarraitua izan zen. Ibilbidea, San Frantzisko plazan hasi, Nabarreria, Foru, Anden eta Nagusia kaleetatik jarraitu eta partehartzaileen txalo zaparrada handizlagunduta Coronación Plazan amaitu zen. Bertan lortu ziren fondoak San Jeronimo Zaharretxera bideratu ziren, izan ere, ez baita egoera oso atsegina pasatzen ari”.

San Polek (Domingo Llauró) ere Zunzarreneko 1972ko festa egitarauan kontatzen zigun: “Berriz ere ohitura berri bat sortu da. Egun honetan gure hiriko kale eta plazatan zehar “Olentzero” atera zen. Goratua eta atseginez hartua izan zen”.

Badirudi Olentzerori Lizarra zaharreko jende abegiatsuak gustatu zitzaizkiola eta orduz geroztik urtero bisita gaitu gure kaleetan lizartarrei poztasuna eta ilusioa banatuz.