NOR GARA GU
df2c5a376bb3b1e71eed852a694176cb

Euskal Eguberriak Olentzero pertsonaiari daude lotuta.

Izaki mitologikoa da, antzina-antzinakoa, eta leku bat eman nahi diogu interneten.

Ixila eta pentsakorra, potolo eta gainera nola!

Gabonero beti ondoan, hara hemen Olentzero hona!

Uste da Olentzero neguko solstizioarekin batera sortu zela eta bere bizitza luzean zehar hainbat eginkizun eman izan zaizkiola: paganoak, kristauak eta, batez ere, festa giroari lotutakoak. Nolanahi ere, gaur egun gure ikazkina gehienbat ezagutzen da abenduaren 24ko gauean opariak banatzen dituen bihotz oneko pertsonaia delako.

Gune honetan aldarrikatu nahi dugu, horrez gainera, bestelako kondairak badaudela bere inguruan; izan ere, esaten da sua botatzen duela begietatik eta ahotik, eta irudi hori baliatzen da zenbait herritako gazte koadrilak etxez etxe joan daitezen, merienda egiteko jakiak biltzen.

Halaber, orri honetan kontatu nahi dizuegu, baita ere, desagerrarazi egin nahi izan zutela, eta hori saiheste aldera, mendeetan zehar zenbait herritan ezkutaturik bizi izan dela, esaterako, Lesakan, Oiartzunen edo Saran. Gaur egun, ia Euskal Herriko bazter guztietan berpiztu da.

Horregatik, bere alde egiteko eta gure ikazkin txiki eta xumearen handitasun osoari eusteko, hainbat tokitako zenbait elkartek, bere figurari buruz lanean ari garenok, webgune hau sortu dugu, bertan bere inguruko argazki, ipuin, istorio, ikerketa, iritzi eta bitxikeria biltzeko; horrela, hobeki ezagutuko dugu denok gure eta, nola ez! zuen OLENTZERO maitea.