LEITZAKO ORANTZAROA

Leitzan Olentzero Orantzaroa izan da aspaldidanik eta ez da beti, eta soilik, ikazkina izan. Duela hirurogei bat urtera arte etxe eta baserri gehienetan familia bakoitzak bere panpin propioa jartzen zuen balkoian edo leiho batean. Panpin hori emakumezko zein gizonezko itxurakoa izan zitekeen. Berdin txistularia, arrantzalea, artzaina, ehiztaria, jostuna, sorgina edo ezpata dantzaria. Leitzako Altzadi Kultur Elkartea lan polita egiten ari da ohitura aberats horren inguruko informazioa bilduz eta ezagutzera emanez.

Duela urte eta erdi hasi ziren Altzadi Kultur Elkarteko kideak etxez etxe, baserriz-baserri ohitura zaharren inguruan adinekoei galdezka. Berrogei bat elkarrizketa egin dituzte jada eta askotxo dira oraindik egiteke dituztenak. Juan Mari Barriola eta Fernando Oiartzun, Altzadi Elkarteko kideekin solas egin dugu gai honen inguruan.

“Guk entzunda geneukan lehenago ohitura hori oso desberdina zela, askoz ere politagoa. Hasi ginen galdezka eta berehala ikusi genuen bai baserrietan bai herrian ere denek hartzen zutela kontuan Orantzaro eguna, orain Eguberri bezpera esaten duguna, eta egun horretan panpin bat jartzeko usadioa zela. Ohitura hori berreskuratzea, edo ez galtzea behintzat, nahi genuen.”

“Orantzaroa ez zen ikazkina bakarrik. Ikazkina ere izan zitekeen baina baita artzaina, arrantzale bat, sorgin bat, jostun bat, dantzari bat, mamu bat edo Haloween festan bezala, burutarako kalabaza hustua zuen panpina eta barnean argizari bat urrutitik ikusteko moduan. Denak Orantzaroak ziren. Beti balkoian, leiho batean edo ganbaran jartzen zen. Beti goi batean. Inoiz ez lurrean.”

“Gure xaharren arabera, oraingoa baino frankoz aberatsagoa zen eta emakume jantzian ere jartzen ziren panpin asko eta asko. Ohitura honen gainbehera etorri zen duela 50 edo 60 urte, orduan lehian hasi baitziren ea zeinek egiten zuen panpin politena eta eredu bakarra, gaurko ikazkin zaharrarena, gailendu zen.”

AROA IZATETIK PERTSONAIA IZATERA

Joxe Migel Barandiaranek zioen bezala “Orantzaroaren ohiturak San Juanekoekin eta solstizioarekin antza handia dute eta Indoeuropako lurraldetako errito magikoekin lotura zuzena du.”

Aspaldian Orantzaroa denbora tarte bat zen, solstizioarekin lotua. Oro har, honen inguruko erritoetan suak paper garrantzitsua izaten zuen Europako toki aunitzetan. Eguzkia berritzeko eta hari indarra eman nahian edo, su bereziak pizten zituzten gure arbasoek. Suaren bidez, eguzkiari lagundu egiten zitzaion argia eman zezan eta bizi-bizirik egon zedin. Horrela, oso ohikoa zen enbor berezi bat erretzea egun horretan.

Leitzan trunku horri ere Orantzaroa esaten zitzaion. Enbor horrrek toki berezia izaten zuen etxean eta denborarekin panpina izatera iritsiko zela dirudi.

Bestalde Orantzaroa hitzaren jatorri etimologikoa orantza hitzak (legamia, orea harrotzeko erabiltzen dena) oparotasunaren ideia dakarkigu eta aroa garaia izanen zen. Beraz orantzaroa garai oparoa bezala uler daiteke, kontuan hartuta, gainera zerriak urte sasoi horretan hil berriak zirela eta egun horretan, zehazki, otordu bereziak egiten zirela (axurkia, tripaki-zopak, gaztainak, eta abar).

KANTA ZAHARRA

Altzadi Elkarteko kideek eginiko elkarrizketei esker kanta zahar bat ezagutu ahal izan dugu. Adineko lekukoen arabera, Sakulu eta Erreka auzoetan, adibidez, neska eta gazte guztiak elkartzen ziren eta hau kantatzen aritzen ziren Orantzaroa egunean. Fernando Oiartzunek azaldu digun bezala: “Kanta honek aintzineko kutsua du, erdi errezitatua da”:

Orantzaro begigorri,
non harrapatu dok arrai hori?
Anikeko barriketan,
bart gabeko hamaiketan.
Zer hebillen garai hartan?
Zeruko izarran kontaketan,
lurreko belarran zamaketan.

Naturarekin erabat lotua dago eta gerora gailendu diren erligioarekin lotutako ideiak ez du azaltzen. Beraz pentsa daiteke oso aintzinekoa dela.

Bestalde arraia hitzaren inguruan, Altzadiko kideek, Patziku Perurena ikerlari eta idazleak bezala, uste dute ez dela arraina, haragia, baizik. Barrenkiak, gibel-arraiak izanen ziren.

Informazio gehiago: www.leitzakultura.net